XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskaraz udako unibertsitatea eta folklorekeriak

Gauza guztietan bezala, Franco-ren ondoko ameskeriak ahitu dira Udako Euskal Unibertsitateari dagokionez.

Eta, alderdi batetik bederen, irabazi egin dugu: errazkerien eta gezurren haroa pasea da.

Kopuruz UEU-a gelditu bezala da: aurten hirurehun bat ikasle besterik ez dugu ikusi Iruñean.

Beherakada aipatu dute batzuk: iaz 500 ingurukoa ateratzera.

Aurten, berriz, Euskaltzaindiaren maila lortzeko ikastaldiak kendurik, 250 edo 300 ikasle galdu ditu UEU-ak.

Kopurua, beraz, ez da beheititu.

Egin den lana, berriz, bai Biologian, bai Kimikan, bai Natur-Zientzietan, gorago joan da denen ustez.

Inoiz baino Testu gehiago aurkeztu da, bestalde: hogei bat liburu, eta oso ondo eginak.

Kalitatea gora doa.

Hizkuntz-arazoak, bestetik, gainditzen hasiak dira: teknika-hizkuntza borobilduz eta zehaztuz doa, urtetik urtera.

Gai guztiak ematen dira euskaraz Iruñean, eta normalki ematen.

Hau ez da sekula Euskal Herrian ezagutu; eta pausu garrantzitsua da, benetan.

Eta hori dela bide, gero eta desfase handiagoa dago euskaldun mundu honetatik, erdal mundu Abertzale delako horretara.

Hau bai gero eta garbiago dago euskaldun abertzaleak eta erdaldun regionalistak berezten dituen arroila.

Hots, mila bider esandakoa berretuz: 1. Euskararik gabe, Euskal Herririk ez.

2. Diglosia bere horretan dagoeno, euskararik ez.

Diglosiaren kontrako burruka horrek berezten ditu, horretara, abertzaleak eta aberchaleak.

Lehenengoek Euskal Herriaren gainean eraiki nahi dute Euskadi; bigarrenek, berriz, Región Vascongadilla bat aski dute.

Batez ere mezatatik irtetean, eliz-atarian silbote norteño apur entzuten baldin bada.

Linguistikaren alorrean Paleolitiko-tik irten denak badaki gaur diglosiaren kontrako burrukak bi izari dituela: 1. Hizkuntzaren beraren normalizazioa.

2. Gizartearen beraren normalizazioa.

1. Hizkuntzaren normalizazioa.

- Lehenengo helburua hau da: Euskara batua.

- Bigarren helburua: Euskara modernoa.

Alegia: Gaurko Euskal Herrian mintzabide egokia izateko tresna.

Biotan ari da jo-ta-ke UEU-a.

Eta Iruñean egiten den honek, diglosiaren kontrako branka eta eragilea den aldetik, denen txaloa eta Laguntza merezi luke.

Hots, euzko indar ezagunen boikota jasotzen du betidanik: bai gaur,1979 honetan: bai Uztaritzen, bai Donibanen, bai edozein lekutan.

Euzko indar horiek Diglosia nahi dute, eta foklorekeria, eta vascongadismoa.

Ez baita txiripa, inundik ere, euzko horiek gugana sekula ez etorri izana.

Euzko horiek Euskara Batua nondik izorratuko saiatzen baitira betidanik; eta Euskaltzaindia, Euskara Batu eta Moderno honen aldeko instituzioa den aldetik eta delakoan, behin eta berriz eta mila bider ahultzen eta hondatzen saiatzen baitira.

Eta helburu anti-euskaldun horretan, hain zuzen, beste puntu bat irabazi dute, hein batez (kostata) Euskara Batua-ren gidaria den Euskaltzaindia zapuztu dute Estatuto delakoan... Oso ondo.

Jarrai horrela.

2. Gizartearen normalizazioa.

- Lehenengo helburua: Euskara denentzat.

- Bigarren helburua: euskara beharrezkoa.

Hitz batez, eta berriro ere: Diglosia etsai nagusi.

UEU-aren barruan bederen, horretara, euskara beharrezko nahi dugu guk, JR Etxebarriak eta bestek ezan duten bezala.

Zientzi-mailari bai, bai eta bai: arlotekeriatik irten behar dugu; eta inor ez da areago saiatu alderdi horretatik UEU hauxe baino.

UEU-ak dozenaka prestatuak ditu liburuak.

Zer prestatu dute besteek? Zer prestatu dute erdaraz?

Hots, bapatean, eta berriro ere euzko indarretatik nabarmenki irtenik, lelo berri hau hasi da zabaltzen: Unibertsitate bai; euskal unibertsitate, segun-eta.

Eta, bapatean, sekulako esijentziak agertzen dira gurekiko: hay que preocuparse del nivel científico la lengua es lo de menos.

Eta gu ados gara: hain zuzen ere, zientzitasun-maila hori dela-ta, kezka hori duten gehienok isildu behar dute.

Baina ez dira isiltzen...

Eta bestetik, proposatzen zaigun binomio hori gezurra da; eta oso oroitzapen tristeak dakazkigu.

Lehen hau esaten zitzaigun (eta hau esaten dute euzko horiek): o se es abertzale o se es comunista.

Eta gaur beste hau: O calidad científica en erdera o chabacaneria en euskera.

Ez dugu, ordea, hamu hau irentsiko; lehengoa irentsi ez genuen bezala.

Gu Ezkertar abertzaleak gara; eta, euskarari dagokionez, zientzitasuna behar dugu, baina euskaraz.

Euzkoek UEU-ri egiten dioten boikota, horretara, eta Estatutoan onartu duten kenketa (arbitrando los medios necesarios para la superación de la actual situación diglósica pasartea kentzea, alegia, lerro berean datoz: euzkoek folkloretzat daukate hizkuntza.

Ez dira gauza vascongadismotik irteteko.

Ez dira gauza karlismotik irteteko.

Regionalismoan, eskuindarkerian, erdaromanian, denean, karlistak dira gure euzko horiek.

Eta UEU-ari buruz hartua duten jokabide kaskarrean ageri da berriro gauza bera.

Zinez esan daiteke, horretara, euzko horiek indartzen dituen klasea (euzko burgesia, jakina) amaitua dela.

Euskal Herriarentzat eman behar zuena emana duela; eta, traiziotik traiziora, gero eta urrutiago joango dela gure herriaren salmentan.

Gure artean omen dauden istiluak, beraz, ez dira gure artekoak.

Euzko burgesiak Euskal Herria saltzea eta traizionatzea erabaki du: eta gurea ez da.

Eta gauzak honetaraz gero, irtenbide hau besterik ez zaigu gelditzen: bota zaigun eskuzorroa, bihotza mindurik bada ere, hartzea.

Txillardegi (Iruñe-tik).